Prentsa Aretoa

2017/01/26

Aiartza: “Lan egingo dugu Lanbide kalitatezko enpleguaren sustapenean europar erreferente bat izan dadin”

Jon Airtza legebiltzarkide jeltzaleak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak lantzen diharduen Lanbideren erreformak ahalbidetuko duela pertsonen eta enpresen beharrei hobeto bideratutako zerbitzua eskaintzea

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Hobetzeko tartea daukagu eta lan egingo dugu euskal enplegu zerbitzuak orientazio-, formakuntza- eta lan merkatuan sartzeko funtzioak indartu ditzan, lehentasuna emanez ibilbide indibidualizatuei eta zailtasun handienak dituzten kolektiboei lana bilatzen laguntzeari”. EAJ-PNVren ordezkariak euskal enplegu zerbitzuaren ibilbidea eta garai berrietara egokitzeko ahalmena balioan jarri ditu, baina uste du, edozein alorretan bezala, beti dagoela hobetzeko tartea. “Gure nahia da kalitatezko enpleguaren sustapenean erreferentzia izatea Europan. Hori da gure hobekuntza-tartea”.

Aiartzak zoriondu du Legebiltzarrean lortutako adostasun zabala, Lanbideren beharrezko modernizazio eta erreformarako. “Zeregin horrek arrakasta izan dezan funtsezkoa da akordio ahalik eta zabalena lortzea eragile sozial eta ekonomikoekin. Eta, horretarako, ezinbestekoa da gaur Ganberatik eman dugun irudia. Lau sinaduradun zuzenketa, guztiak, PP izan ezik. Albiste ona da Lanbiderentzat eta herritar guztientzat”. Onartutako testuak sei hileko epea ezarri du Eusko Jaurlaritzak Lanbideri buruzko erreforma-plana idazteko, erakundeen, gizarte eragileen eta zerbitzuak ematen dituzten erakundeekin elkarlanean. EAJ-PNVren legebiltzarkideak gogoratu du enplegua dela, hain zuzen ere, Iñigo Urkulluren exekutiboaren eta bera eusten duen alderdiaren lehentasuna. Lehentasun hori bi erronkatan gauzatzen da: langabezia %10etik behera jeistea, eta enplegu hobea eta kalitate handiagokoa lortzea.