Prentsa Aretoa

2016/12/22

Gorospe: “Aurrekontu-aldaketa onartuta, Euskadik zorpetze-ahalmen handiagoa izango du zerbitzu publikoak finantzatzeko”

Eusko Legebiltzarrak 2016ko Aurrekontu Legea aldatzeari bide eman dio. Horrek ahalbidetuko du zorpetze-muga handitzea eta Foru Aldundien ekarpenen jeitsiera konpentsatzea.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Josune Gorospe EAJ-PNVren legebiltzarkideak 2016ko kontu publikoak arautzen dituen legea aldatzeko beharra nabarmendu du, Euskadiren zorpetze-muga egokitzeko defizit publikorako muga-helburu berriaren arabera, %0,3tik %0,7ra pasako dena. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostu bezala, defizit helburua leuntzeak 268 milioi euro gehiago zorpetzea ahalbidetuko du. Gorospek balioan jarri du “bi administrazioen artean galdutako eta beharrezko aldebikotasuna berreskuratzea”. Halaber, baietsi du zorpetze berri horrek ez duela ekarriko ekitaldirako baimendutako gastua igotzea. “Euskadik ez du baimendutako gastu-muga gaindituko, ez gara zorpetzea igotzen ari, baina egoera hobean egongo gara hartutako konpromisoei eusteko, zerbitzu publikoen politikak kaltetu gabe”. Ordezkari jeltzaleak legebiltzar-taldeei galdetu die inork ezetz esango ote liokeen zorpetze ahalmena handitzeko aukerari, Ganbera honek berak Legez berretsitako zerbitzu eta politika publikoak finantzatzeko. Gorospek alderdiei seriotasuna eta “beren etorkizuna zorrotz kudeatzeko aukeratu gaituzten” herritarrekiko konpromisoa eskatu die.

EAJ-PNVrentzat, Euskadiren egoera finantzario onak ahalbidetuko du zorpetze handiago hori bere gain arazo gabe hartzea, Estatuko ratio onenetakoa baita. “Espainiako Bankuak urteko hirugarren hiruhilekoaz emandako datuen arabera, Estatuko bigarren Autonomia Erkidegoa gar azor maila baxuenean. Kaudimena dugu eta gure egoera finantzarioa ona da”. Legebiltzarkide jeltzaleak gogoratu du Euskadik ez duela erabili Espainiako Gobernuak Erkidegoen esku jarritako erreskate-mekanismo bakar bat ere ez. “Ez dugu daukaguna baino gehiago gastatuko, gastuak eta diru-sarrerak egokitzen ditugu daukagunaren arabera doituz eta efizientzia handitzen saiatuz. Badakigu mugarik gabeko administrazio garestiek herriak pobreziara daramatzatela”.

Eusko Legebiltzarrak gaur onartutako aldaketak, defizit publikoa baretzeaz gain, Foru Ogasunen diru-bilketaren jeitsiera konpentsatzea ahalbidetuko du. Urrian Finantzen Euskal Kontseiluaren bileran onartu zen diru-bilketa ez zela iristen egindako aurreikuspenetara, eta hortaz, Eusko Jaurlaritzak 324 milioi gutxiago jasoko zituela. Gorospek baieztatu duenez, Lege proiektua berresteak lagunduko du Jaurlaritzaren baliabideentzako eragin negatibo hori zuzentzea.

Legearen defentsan, Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak Europar Batasunari eskatu dio bere politika ekonomikoak berrikusi ditzala. “Etengabeko murrizketek ez dute balio izan ekonomia hazteko eta suspertzeko. Politika berri bat behar dugu –eta halaxe jaso dugu PSE-EErekin dugun gobernu-akordioan-, modu orekatuagoan konbinatuko dituena defizit publikoaren kontrola eta ekonomiaren berraktibaziorako beharrezko neurriak enplegua sortze aldera”.