Prentsa Aretoa

2016/10/02

“Hurrengo lau urteotan larrua utziko dugu ekinean, euskal hiritargoaren aurreikuspenei hutsik ez egiteko”

Andoni Ortuzarrek eta Iñigo Urkulluk gaur Forondako zelaietan 39. Alderdi Egunera hurbildu diren hamarka mila mila lagunen aurrean, alderdikide jeltzaleei egin diete ohore, Euzko Alderdi Jeltzalearen jarraitzaileei “egotzi” dietelako I-25eko hauteskundeetako garaipen ukaezinaren “errua”.

rss Ezagutzera eman
“Hurrengo lau urteotan larrua utziko dugu ekinean, euskal hiritargoaren aurreikuspenei hutsik ez egiteko”

ARGAZKIA JAITSI

Ospakizuna, esker ona eta konpromisoa. Ospakizuna, iragan igandeko Euskal Hauteskundeetan lortutako garaipenagatik, hauteskundeetan aurkeztu ziren alderdi guztien artean EAJ-PNV botoak, portzentajea eta eserlekuak irabazi zituen alderdi bakarra izan zela eta hauteskundeetako irabazle ukaezina izan dela argi utzirik. Esker ona adierazi diete talde jeltzalean eta Iñigo Urkullu Lehendakariarengan konfiantza jarri duten euskal emakume eta gizonei. Logikoa denez, alderdikide eta alderdizale jeltzaleei bereziki eskaini zaien ‘eskerrik asko’ sendoagoa eta bereziagoa. Eta konpromiso bat euskal hiritargoarekin: I-25eko hauteskundeen ondoren ez EAJk, ez agintari jeltzaleek, ezta herri kardudunek edo barne kargudunek ere ez diote erne egoteari utziko. Guztiz alderantziz: hauteskundeetan lortutako arrakastak lan gehiago ekarriko du denontzako ongizatea lortzeko eta Euskadi gure aberriarentzako etorkizun gero eta hobea eta gero eta askeagoa erdiesteko.

Hiru hitz horiek, ospakizuna, esker ona eta konpromisoa, izan dira Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, eta Iñigo Urkullu Lehendakariak gaur 39. Alderdi Eguneko ekitaldi politikoan esan dituzten hitzaldien ardatz nagusiak. Jendetza handia batu duen ekitaldia ospatu dute gaur Forondako zelaietan ‘Zurekin inoiz baino gehiago’ goiburupean Sabino Aranak duela 121 urte sortu zuen EAJ-PNVren milaka alderdikidek, alderdizalek eta lagunek. Une gozoa bizi duen alderdia, barneko batasun eta kohesioarekin eta euskal hiritargoaren gehiengoak eman dion babesarekin. “Mundu osoan une honetan dagoen egoerarekin, Europan gobernuan dauden alderdi guztiek hartu dituzten zaplazteko zaratatsuekin, gu hauteskundeetatik lehengo baino babes handiagoarekin irten gara. Bototan irabazi dugu, portzentajetan irabazi dugu eta eserlekutan irabazi dugu. Harro egoteko moduko gauza da. Eta harro gaude”, baieztatu du Ortuzarrek. “Alderdikideok, zorionekoak gara. Hiritargoak, Herri honek, Euskadin dugun lidergoan berretsi gaitu eta gure Alderdia osasuntsu dago. Baina lidergoa ez da gurasoek seme-alabeei uzten dieten zerbait eta barruko batasuna ez da zerutik jaisten den ezer. Biei eusteko ahalegina egin behar da. Gauzak ondo egin behar dira. Apaltasunez, esku onez, eskuzabaltasunez. Birritan esan nuen hauteskunde gauean: ez gara oilartuko hauteskundeetako garaipenarekin edo gaur euskal erakundeetan dugun hegemoniarekin. Apaltasuna, apaltasuna eta apaltasuna. Konpromisoa, konpromisoa eta konpromisoa. Lana, lana eta lana. Horixe izango da gure jarrera gobernuan eta Alderdia gidatzeko momentuan”, esan du jeltzaleen buruak. Mezu hori Urkulluk berak partekatu du. “Iragan igandea ere izan zen Alderdi Eguna”, esan du Lehendakariak. “Hauteskundeak irabazi genituen, batez ere zuen ahaleginari esker, atsedenik gabe egin duzuen lanari esker, zuen eskuzabaltasunari esker. Eta irabazi genuen Euzko Alderdi Jeltzalea benetakoa delako. Argi baino argiago hitz egin dugu: enplegu gehiago eta hobea, langabezia tasa %10etik jaistea eta Euskadiko Gobernua den moduan aurkeztea, hau da, gure etxea. Esan dugu arazoak ezagutzen eta aitortzen ditugula: ez dago gure burua ederresterik. Munduan dagokigun lekua hartu nahi badugu eta aurrera egin nahi badugu, txarrena da nor bere erosotasunean geratzea edo zilborrari begiratzea. Guk utopia egingarria proposatu dugu: Euskadi-Basque Country, Euskadi Nazio gisa hazi araztea, Europan eta mundu osoan dagokigun lekua irabaztea, gizarte gisa aurrera egitea inor atzean utzi gabe”, adierazi du Lehendakariak.

Ortuzarrek EAJ-PNVren alderdikideak Coca-Colaren fomularekin alderatzeko ariketa egin du, hau da, “130 urtetan Atlantako segurtasun kutxa batean gordeta dagoena”. “Hemen alderdi guztiek ezagutu nahi dute gure formula zein den, gure sekretua; eta gure sekretua hori baino apurtxo bat gazteagoa da, 121 urte baino ez ditu. Coca-Colaren eta gure arteko ezberdintasuna da gure formula, gure sekretua, isilpean baino, inongo segurtasun kutxan baino, hemen dagoela, zelai honetan, pertsona guztientzat ikusgarri. Gure isilpeko formula zuek guztiok zarete, hemen Forondako zelaietan elkarturik gauden guztiok”, esan du EBBren presidenteak. Ortuzarrek Urkullu Lehendakariari ere adierazi nahi izan dio bere esker ona “eman diguzun guztiagatik eta oraindik emango diguzun guztiagatik. Zerbitzu publikoan ari den pertsona batek inoiz amestu ahal duen saririk handiena jaso duzu: hiritargoaren gehiengoaren babesa eta, babes horrekin batera hartu dituzu esker ona, egin duzunaren ordain gisa, eta egingo duzunagatik ematen dizugun konfiantza. Ondo ezagutzen zaitugunez, jakin badakigu, lortutako botoengatik sentitzen duzun harrotasunaz eta esker onaz gain, zorretan ere sentituko zarela, zorretan aukeratu zaituzten 400.000 pertsonekin. Eta, jakin dakigu ez diezula huts egingo. Eta, zuk ere dakizu ez zaudela bakarrik, gu guztiok ondoan gaituzula, Alderdi hau zutaz harro dagoela eta beharko gaituzun leku eta momentu guztietan izango gaituzula”.

EAJ-PNVk “euskal hiritarren artean sortu diren aurreikuspenei” huts egingo ez zaiela baieztatu ondoren esan duenez “hurrengo lau urteotan EAJ-PNVk gobernu ardurak dituen Erakunde guztietan ekinean larrua utziko du herri hau aurrera ateratzeko”. Ortuzarrek era berean azaldu du bere alderdiak hurrengo legealdiari zer jarrerarekin egingo dion aurre. “Aukera bikaina izango da Euskadi krisi ekonomikotik ateratzeko, indarkeriaren orrialdea behin betiko ixteko eta autogobernuan jauzi erraldoia emateko, Nazioa eraikitzeko. Aukera horiek guztiak legealdi honetan gauzatzea bilatuko dugu. Eta egin egingo dugu; eta besteekin batera egin nahi dugu. Horregatik ari gara beste alderdi guztiei akordio zabalak eskaintzen, eguneroko gobernu gaien gainetik egongo diren akordioak lortzeko. EAJ denekin hitz egiteko, partekatzeko eta adosteko prest dago. Bereziki, aurrera egin nahi dutenekin, Euskadi Nazioa dela uste duten guztiekin, Nazio bezala aitortua izan behar duela sinesten dutenekin. 2020ko Euskadik ez du betorik onartuko eta ez du taburik izango. Erabil dezagun demokrazia. Demokrazia eta erabakia. Horiek dira gure politikaren ardatz nagusiak. Demokrazia eta erabakia”, baieztatu du.

EBBren presidenteak mezu baikorra zabaldu nahi izan du diskurtsoa amaitzerakoan. “Aurrera egiten ari gara. Nafarroa aurrera egiten ari da eta aldaketa sendotzen ari da, eta Iparraldeak eskura dauka bere lehen erakunde batu eta euskalduna. Bide onetik goaz. Gero eta hurbilago dugu guk guztiok amesten dugun helburua, gero eta hurbilago daukagu alderdi honen xedea lortzea. Hiru hitz dira, hiru hitz besterik ez, baina Herri honen izpiritua gorpuzten dute: Gora Euskadi Askatuta!!!”, amaitu du.

Urkulluk, bere aldetik, Forondako zelaietara hurreratu diren milaka lagunei esan die harro sentitzen dela “zuen konfiantza eta babesa zuzenean eskertu ahal izateagatik. Munduan Lehendakari izateak zer esan nahi duen sentitzeko harrotasuna gozatu dut. Ez dago Euskadi ordezkatzea baino gauza handiagorik. Harrotasuna sentitu dut indarkeria behin betiko gainditu duen Herri baten Lehendakaria izateagatik. Tamainan txikia baina egintzetan handia den Herria ordezkatzeko harrotasuna sentitu dut, krisia hazkunde iraunkorrean eta giza garapen adimentsuan oinarritzen den ereduaren bidez gainditzeko helburua duen herria. Harrotasuna, herri solidarioa, bere kulturarekin hitzemanda eta mundura irekia den herria ordezkatzeagatik”, esan du Urkulluk, eta aldi berean Agirre Lehendakaria gogora ekartzeko hitz hunkigarriak esan ditu, datorren ostiralean, urriak 7, lehen Eusko Jaurlaritzaren 80. Urteurrena beteko dala gogoratuaz.

Urkulluk azpimarratu nahi izan du gure inguruan bizi den ziurgabetasun eta ezegonkortasunaren aurrean “Euskadi etorkizunera begira dagoela”. “Begirada solidarioa du, gainera, aurrera eginez baina inor atzean utzi gabe; euskal gazteriari begira egonez eta aukera berriak sortzeko ahaleginik onena egingo dugula hitzemanez; eta begirada partekatuarekin, denon artean eraikitzeko. Eraikuntza soziala eta nazio eraikuntza. Lau urte ditugu aurretik bidean urratsez urrats aurre egiteko, erabakimen osoz, elkarrekin”, baieztatu du. “Oraindik ere ziurgabetasuna eta arazoak ikusten ditugu”, aitortu du. “Globalizazioa da: arazoak aldatu egiten dira, baina ez dira desagertzen. Herri txikia gara, baina zailtasunak gainditzeko ahalmena, konpromisoa eta asmo handia dugula erakutsi dugu. Beti eta une oro prest egon behar dugu, erantzun azkarra emateko gaitasunarekin. Ilusioa eta aukerak ditugu hazten jarraitzeko eta munduan dagokigun tokia irabazteko. Gobernatuko duen gobernua behar dugu.Mundu mailan dagoen ziurgabetasunaren aurrean eta Espainian dagoen ezegonkortasunaren aurrean, Euskadin gobernu arduratsu eta sendoa behar dugu, egonkortasuna emango digun gobernua. Elkarrizketa, lankidetza eta akordiorako prest egongo dena”, ezarri du Urkulluk. “Euskadirentzako onena heltzeko dago. Martxan dagoen Herria gara. Ez gara geldituko. Eta  Euskal Aberriaz ari naiz. Eraikitzen jarraituko dugun Nazioa, Europara begira, Euroerregioa indartuz, Nazioen Federazioa bultzatuz. Estatu bokazioa duen Nazioa, Herri oso baten Nazioa, Euskal Herria, urratsez urrats eraikitzen joango dena, herritarren borondatea oinarri hartuta. Gaur Estatuari planteatzen diogu berdinen arteko harremana, alde biko harremana, beteko delako bermearekin.Euskadiren naziotasuna aitortuko duen harremana. Euskal Nazioa gara!”, amaitu du.