Prentsa Aretoa

2016/09/10

Urkullu ‘U-Fest‘ jaialdira joan diren 6.000 lagunei: “Ez daukagu enplegua hazten jarraitzeko baino ilusio handiagorik”

Jendetza elkartu den mitinean, Lehendakariak eta Ortuzarrek euskal gizartea gonbidatu dute Euskadi Madrilgo politikaren “esperpentotik” blindatzea, eta egunotan bisitan etorri zaizkigun Espainiako politikariei exijitu die “Euskadiko kanpaina egiten uztea, Euskadikoa soilik”.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

I-25eko hauteskundeetarako kanpainan jende talde handiena hartzeko egin den ekitaldian, Iñigo Urkullu, Lehendakari eta berraukeratua izateko aurkezten den hautagaiak, eta Andoni Ortuzar, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, txalo zaparrada beroak, irribarreak eta emozioak atera dizkiete ‘U-Fest’ jaialdira, EAJ-PNVk Bilboko Casilda Iturrizar Parkean egin duen jai handira hurbildu diren 6.000 lagunei. Taula gainean eta erakundeetako eta EAJren ehunka ordezkariren eta Euzko Gaztedi taldeko gazteen babesarekin, Urkulluk Eta Ortuzarrek euskal hiritargo osoari eskatu diote egun batzuetan Madriletik iristen zaigun zaratari kasurik ez egitea arreta osoa Euskadiko kanpainan jartzeko, gauza asko direlako irailaren 25ean jokoan izango ditugunak: gure osasuna, gure hezkuntza, gure gizarte politikak, gure autogobernua, bakea eta bizikidetza behin betiko finkatzea... eta lana. “Emozioek eta sentimenduek ere mugiarazten gaituzte. Sufrimendurik handiena eragiten didana da hilero enplegu bila dabiltzanen kopurua”, esan du Urkulluk. “Urte bete lanposturik gabe dagoenaren lekuan jartzen naiz, ematen den desberdintasun egoeragatik are zailtasun handiagoak dituzten emakumeen lekuan jartzen naiz. Curriculumak bidali eta erantzunik jasotzen ez dituen gaztea irudikatzen dut. Horiek dira gure sentimenduak. Egunero pentsatzen dut pertsona horiengan, gure lana da beraiek lana izatea. Ilusiorik ez dugula? Ez dago hori baino ilusio handiagorik: enpleguak hazten jarraitzea, aurrera egitea eta inor atzean utzi gabe. Dena emango dut, dena emango dugu, langabezia tasa %10etik jaisteko . Lortu ahal dugu. Txarto pasatzen ari diren pertsonentzako lana. Hori da gu mugiarazten gaituen sentimendua”, esan du Arabako zerrendaburuak.

Urkulluk eta Ortuzarrek EAJ-PNVk Bilboko Casilda Iturrizar parkean ospatu duen ekitaldi politikoan hitz egin dute. Espazio handi hura txiki geratu da bertara hurbildu diren 6.000 pertsonekin. Urkulluk “ideien kanpainan” sakondu nahi izan du eta horien artean garrantzitsuena dena planteatu du: “Pertsonen enpleguaren alde lan egitea. Hori da gure arrazoirik nagusiena. Pertsonen mesedetan lan egitea da gehien hunkitzen gaituen emozioa. Esaten dute lau urtetan ez dugula ezer egin. Nik bakarrik diot Euskadi lehen behera begira zegoela eta orain gora begiratzen duela. Euskadi Europaren pare dago orain. Nik bakarrik diot bi esku ditugula eta biak erabiltzen ditugula: euskal ongizate sistemaren politika publikoak bermatzen ditugu eta ekonomia produktibo errealari laguntzeko politikak aktibatu ditugu”, baieztatu du Lehendakariak, eta argi utzi nahi izan duenez eboluzio hau “ez dugu guk bakarrik egin. Euskadik aurrera egin du gure artean lankidetzan ari garelako eta gure artean adostu egiten dugulako. Aurrera egin du pertsona langileek, merkatariek, profesionalek, autonomoek, enpresa txiki eta ertainak dituzten pertsonek egoerari eutsi eta krisi sakon eta luzeari aurre egin diotelako. Pertsona horiek guztiak, langile horiek, Euskadiren motorea dira. Mugiarazten, motibatzen eta derrigortzen gaituen motorea dira”.

Ortuzarrek, bere aldetik, hiru mezu zabaldu nahi izan ditu. Barrura begira, alderdikideei ohartarazi nahi izan die EAJ-PNVk hauteskunde kanpaina honetan izango duen arriskurik handienaren aurrean: aste honetan ezagutu diren inkesta biek planteatu dituzten emaitza onak ikusita eragin daitekeen lasaitasuna. Euskal hiritar guztiei, EBBren presidenteak ohartarazi nahi izan die egunotan Euskadiko zeruan erregistratu den fenomeno bitxiaren aurrean: parakaidista multzoa iristen hasi da. Eta hauei, egun hauetan Euskaditik dabiltzan Espainiako politikariei exijitu die beren arazoak, kontuak eta kexak alde batera uztea eta euskal herritarren arazoetan, beharrizanetan eta ilusioetan pentsatzea.

“Denak EAJren kontra. Gure bila datoz, bai. Eta guk zer egingo dugu? Gu lasai. Lasai, bai, baina geldi ez. Ez geldi ez despistatuta inkestek utzi dituzten emaitza onekin. Inkestek gutxirako balio dute. Gauza bakar batetarako balio dute: emaitza horiek labur uzten saiatzeko. Emaitzak hobetzeko, helburu are zorrotzagoak ezartzeko”, esan du Ortuzarrek. EBBren presidenteak baieztatu duenez, “euskal gizartea eta gu, EAJ, lanean ari garenean, egunotan Espainiako bisitari ilustreak etortzen hasi zaizkigu, lanean egon beharrean, esku bat bestearen gainean dutenak eta beren Estatua blokeatuta daukatenak. Edozein kasutan, ongi etorria emango diegu Euskadira. Ondo da, etor daitezela eta joan daitezela, baina guk ez dugu nahi hitz egiteko edo adosteko duten ezintasun hori hemen uztea. Ondo dago etortzea, baina ez daitezela etorri beren gauzetaz hitz egitera. Ez, ez daitezela etorri beren arteko liskarrarekin jarraitzeko. Guk entzun nahi dieguna da Euskadirentzat dituzten planei buruz, gure autogobernua errespetatuko ote duten, euskal erabaki guztiak errekurrituko ote dituzten, bizikidetzan aurrera egiten lagunduko ote duten, enplegua sortzen laguntzeko zer egingo duten. Nahiko nuke erratuko banintz, baina uste dut ez diegula halako ezer entzungo”. Horregatik, Ortuzarrek exijitu die euskal hauteskundeak errespetatzea. “Utz diezagutela Euskadiko kanpaina egiten, Euskadikoa soilik. Hauteskunde hauek ez dira primariak eta ez dute ‘ez dakit nongo’ gobernagarritasuna desataskatuko. Euskadin euskal hauteskunde kanpaina nahi dugu, Euskadikoa soilik”.