Prentsa Aretoa

2016/07/07

Iturrate: “Poliziaren gehiegikeriaren legea funtsezkoa izango da memoria eta bizikidetza eraikitzeko”

Legeak Legebiltzarrean adostasun zabala lortzea espero du EAJ-PNVk. “Urteetan justifikatu gabeko indarkeriaren ondorioak isilean bizi izan dituztenei egin diezaiekegun aitortzarik onena litzateke”.

rss Ezagutzera eman
Iturrate: “Poliziaren gehiegikeriaren legea funtsezkoa izango da memoria eta bizikidetza eraikitzeko”

ARGAZKIA JAITSI

  • Iturrate: “Legeak jaso egingo du gure konpromisoa biktima guztien aitortza-eskubidearekin"
    2016/07/07

    ARTXIBOA JAITSI

Bihar eztabaidatuko ditu Eusko Legebiltzarrak PPk eta UPyDk jazarpen bidegabeko kontestuetan emandako giza urraketen biktimen aitortzarako eta erreparaziorako Lege Proiektuari aurkeztutako zuzenketak. Iñigo Iturrate legebiltzarkideak gogoratu du arau horrek jarraipena ematen diela 2012 Dekretuan –estaldura 1999ra arte zabaltzen duenean- jasotako biktimen laguntzarako politikei. EAJ-PNVk Osoko Bilkuran defendatuko du orain arte aitortu eta erreparatu gabeko biktimak duintzeko beharra. “Legeak jaso egingo du gure konpromisoa biktimen -biktima guztien- aitortza-eskubidearekin. Kalte injustua pairatu zuten, inoiz gerta behar ez zena, eta orain gure eginkizuna da indarkeriarik eta giza eskubideen urraketarik gabeko etorkizuna, memoria inklusiboduna eta iraganaren irakurketa kritikoduna eraikitzera bideratutako politika guztiak sustatzea”. Iturratek gaineratu duenez, onartuko den legeak iragan hori argituko du eta egia eraikitzen lagunduko du.

Euzko Abertzaleak legebiltzar-taldeak aitortzen du oso zaila izango dela talde guztiek legea babestea, baina akordio zabal bat lortzea espero du, segurtasun eta zilegitasun handiagoa emango diona. “Jakin badakigu aukera desberdinak eta irakurketa politiko kontrajarriak daudela, baina gutxieneko batzuk aurkitu ditzakegu; oinarri batzuk, guztiok iraganaren balorazio kritikoa egiteko eta adierazteko etorkizuna bizikidetzatik, egitik eta memoriatik eraikiko dela”, argudiatu du Iñigo Iturratek. EAJ-PNVk aztertu egingo ditu taldeek lege-proiektuari aurkeztutako zuzenketa partzialak, proiektua hobetzen dituztenak batze aldera. Hain zuzen ere, bihar bertan, bilkura amaitzerakoan, zuzenketak aztertuko dituen ponentzia osatuko da eta alderdiek elkarrizketa politikoari ekingo diote.

Turismo Legea 

Taldeek Turismoari buruzko Lege Proiektuari aurkeztutako zuzenketak aztertuko dituen ponentzia ere bihar osatuko da. EAJ-PNVk berretsi egin du akordiorako eta elkarrizketarako bere borondatea, “legeak sektorean lortutako guztien adostasuna bat etor dadin Eusko Legebiltzarrean ere”. Luis Javier Telleria jeltzaleak taldeei eskatu die ez ditzatela sektorearen itxaropenak zapuztu, eta lan serioa eta eraikitzailea egin dezatela. “Turismoarentzat beharrezkoa den legea da. Eurek babesa eta bermeak eskatzen dizkigute, eta lege hau eskaera horietara egokitzen da”. Legeak EH Bilduren babesa dauka dagoeneko.