Prentsa Aretoa

2015/11/19

Egibar: “PSEk gezurretan dihardu, EAJri leporatzen dionean Pariseko atentatuak salatzeko adierazpen instituzionala eragotzi izana”

EAJ-PNVren bozeramaileak Legebiltzarrean, gezurtatu egin ditu Jose Antonio Pastor bozeramaile sozialistak egindako salaketak. Pastorrek jeltzaleei leporatu die frantziar hiriburuko ekintza terroristen aurrean adierazpen bateratua eragotzi izana.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

PSEk proposamena egin du gainontzeko legebiltzar-taldeak adierazpen instituzionalera batu zitezen, Parisen berriki izandako atentatuak gaitzesteko, eta hori jaso bezain pronto EH Bildu izan da proposamenari uko egin diona. Ondorioz, gainontzeko taldeekin izandako elkarrizketek ez dute aurrera egin.

“Adierazpen instituzional bat egon dadin, ganberako talde guztien oniritzia behar da. EH Bilduren ukazioak ez zion bideragarritasunik uzten. Gu prest geunden eseri eta negoziatzeko, dokumentu sozialistatik abiatuta”, argitu du Egibarrek.

Bozeramaile jeltzalearen ustez, ezin dakioke EAJri leporatu EH Bilduren ezetzaren ardura. “Eurak zuzenean ari ziren PSErekin negoziatzen, eta beren ezetzak ekidin egin du talde guztien bat etortzea testu bat adosteko. Pastorrek bere porrot pertsonala aitortu beharra dauka. Adierazpen batera jauzi egiten du, lehenago talde bakar batekin ere landu gabe. Eta horren ondorioz, tribunara datorkigu EAJ erasotzera”.

Bozeramaile jeltzaleak zalantzak adierazi ditu alderdi sozialistak adierazpen instituzionala sustatzean izandako benetako asmoen inguruan. “Zumeak baldin badauzkazu saskia egiteko, akordio batera iritsi zaitezke guztien artean. Hasieratik esaldi bat sartzen baduzu, ez guk baina bai EH Bilduk ukatuko duena, zalantzak dauzkat PSEk benetan adierazpena nahi duen. Hauteskunde-interesak begibistan geratu dira”, amaitu du Egibarrek.