Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2015/02/02

“EH Bilduk eta PSEk manipulatu egiten dute Osasun batzordean ez egotea justifikatzeko"

Osasun Batzordearen EAJko ordezkariek zifrekin gezurtatu egin dute Jaurlaritzaren Osasun sailak Legebiltzarra erabiltzen duela propaganda egiteko. “Hamar agerralditatik bi baino ez ditu eskatu Jaurlaritzak”, nabarmendu dute.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Legebiltzarreko Osasun Batzordeko EAJren ordezkariek prentsaurrekoa egin dute EH Bildu eta PSE alderdiei erantzuteko; izan ere, alderdi hauek gaur goizean egin behar zen Osasun Batzordera ez joatea erabaki dute, Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarra “propaganda egiteko” erabiltzen duela egotzita. Luis Javier Telleria eta Kerman Orbegozo legebiltzarkide jeltzaleek argitu dutenez, gaur arte 131 agerraldi egin dira Osasun Batzordean, eta horietatik, 28 baino ez ditu Jaurlaritzaren Osasun Sailak eskatu, hau da, %21. “Hamar agerralditatik bi eskatu ditu Jaurlaritzak. Gainerakoak oposizioaren taldeek eskatu dituzte”, adierazi dute.

Gainera, Jaurlaritzaren agerraldi asko Legebiltzarrak onartutako aginduak betetzeko aginduari dagozkiola esan dute, adibidez, gaur bertan, Osasun Publikoaren zuzendaria Batzordera etortzekoa zen “Osteoporosia prebenitzeko eta kontrolatzeko programa” aurkezteko. Baina EH Bilduk eta PSEk nahiago izan dute ez etorri; eta, beraz, erabateko eztabaida faltsua plazaratu dute komunikabideetan Jaurlaritzaren ustezko gardentasun falta salatu eta komunikabideetan informazioa ematea leporatuz, Legebiltzarrean bertan informatu beharrean.

Ordezkari jeltzaleek EH Bilduren eta PSEren jarrera “oso larritzat” jo dute, alderdi hauek ez baitute inolako kexarik agertu gai honen inguruan eta, bat-batean, idatzi bat erroldatu dutelako Legebiltzarrean, batzordera ez joateko xantaia erabiltzen eta Jaurlaritzak idatziz informazioa eman dezala iradokiz.

Telleriak eta Orbegozok UPyDko ordezkaria ere kritikatu dute gaurko Osasun Batzordera ez joateagatik, Maneiro jaunak jakin bazekienean bere asistentzia beharrezkoa zela quoruma izateko. “Gainontzekoei ustelkeria leporatzen die, baina Donostian geratzea eta bere boto-emaileen interesak ez defendatzea ez da zuzena. Legebiltzarreko batzordeetara ez joatea ustelkeria ez bada, gutxienez arduragabekeria hutsa da”, azaldu dute.

Osasun Batzordeko ordezkari jeltzaleek jakinarazi dute eztabaida gune honetako Mahaia ostegunean batzartu zela EH Bildu eta PSEk erroldatu zuten idatzi aztertzeko. Azaldu dute Mahaiak eztabaidatzeke dauden agerraldiak berrantolatzeko konpromisoa hartu zuela, eta, PSE, berriz, gaurko batzordera etortzera konprometitu zela.  “Baina PSEk ez du bere hitza bete, eta nahiago izan du errespetu falta adierazi demokraziari eta erakunde honi, UPyD etorriko ez zela baliatuta”, salatu dute “hauteskunde kanpainek muga bat” behar dutela nabarmentzeko, eta Legebiltzarrarekiko errespetua “guztiaren gainetik” egon behar dela eransteko.

Amaitzeko, salatu egin dute EH Bildu eta PSEk Legebiltzarraren funtzionamendua “manipulatu” nahi dutela Gobernuari oposizio egiteko. Baina ohartarazi dute Ganbera honen berezko funtzioa kontrolatu, ekintzak bultzatu eta legeak egitea dela. Jeltzaleen ustetan, “sinesgaitza” da Jaurlaritza Osasun Batzordearen agenda eta denborak oztopatzen ari dela esatea, funtzio hori organo honetako presidentearena delako, hau da, Carmelo Barrio popularrarena. “Ez dugu uste EAJri men egitea leporatu dakiokeenik”, esan dute.

Telleria eta Orbegozoren alboan izan dira Osasun Batzordeko gainerako EAJ-PNVren ordezkariak: Josune Gorospe, Javier Carro eta Jon Aiartza.