Prentsa Aretoa
2014/07/17
“Etorkizuna itxaropenarekin ikusten dugu; hautesleak antzematen du EAJ helburuak betetzen ari dela”
Joseba Egibar GBBko presidentea ziur da herritarrek jakingo dutela ezker abertzalearen gestioa epaitzen udal eta foru hauteskundeetan.
GBBko presidente eta Legebiltzarreko EAJren bozeramaileak, Joseba Egibarrek, itxaropenarekin begiratzen ditu datozen urtean izango diren udal eta foru hauteskundeak ziur delako herritarrek antzematen dutela EAJ helburuak bete eta erronkak gainditzen ari dela. Gainera, ez dauka zalantza izpirik ezker abertzaleak duela hiru urte izandako olatua “bere neurrira bueltatzen ari dela” eta, ondorioz, azken udal eta foru hauteskundeetan jasotako babesa nabarmen jaitsiko dela. “Europako hauteskundeak ez dira esanguratsuenak, baina argi gelditu zen herritar askok ezker abertzalearen kudeaketa zigortu eta guri babesa eman zigutela. Bi alderdien arteko tartea gero eta txikiagoa da”, ohartarazi du.
Goienari eskainitako elkarrizketan, aurreratu du EAJ gogotsu ari dela lanean maiatzaren 24eko hitzorduari begira, badakielako gauzak ondo egiten ari dela. Adibide bezala Urkullu Lehendakariaren gestioa jarri du, zailtasunak zailtasun, legegintzaldi hasieran hitz emandako hiru erronkak bete eta helburuak lortzen ari delako.
Zentzu horretan, suspertze ekonomikoaren erronkari dagokionez, gogoratu du Gobernuak proposamen zehatzak jarri dituela mahai gainean eta egoera modu egokian kudeatzen ari dela. Bigarren erronka, hau da, bakegintza eta normalizazioaren inguruan, aitortu du “nahi baino motelago doala baten batzuk, modu okerrean pentsatzen dutelako indarkeriarik gabe bakera iritsi garela eta ez dela ahaleginik egin behar ETAren amaiera azkartzeko”. PSE eta PP kokatzen ditu estrategia honen atzean eta hori da, bere aburuz, bi alderdi hauek bake eta bizikidetza ponentziatik kanpo gelditzearen arrazoia. Bere aldetik, ezker abertzaleari exijitu dio “benetako pausuak” eman ditzala gai honetan aurrera egin ahal izateko.
Azkenik, estatus politiko berria lortzeko erronkari buruz esan du autogobernuaren ponentzia eratu dela dagoeneko Legebiltzarrean eta EAJ “ahal den akordiorik handiena” lortzen saiatuko dela. “Herri bat gara, berezkoa dugu erabakitzeko eskubidea eta orain eskubide hori gauzatzeko jarduera adostu behar dugu ekar bizitza ezin delako inposatu”, zehaztu du. Ildo horretan, onartu du erabakigarria izango dela Katalunian eta Eskozian gertatzen dena, baina gogoratu du duela hamar urte izan zela aurrekari bat Euskal Herrian, Ibarretxe Lehendakariak Estatus Politiko berria proposatu zuenean. Tamalez, oroitarazi du saiakera horrek porrot egin zuela estrategia armatua indarrean zegoelako eta ezker abertzalea beste zeregin batzuetan zebilelako. Orain, egoera hori gaindituta eta giza kateak izan zuen arrakasta ikusita, itxaropenarekin begiratzen dio etorkizunari, baina, ohartarazi du indar abertzaleek eskutik joateko ezinbestekoa izango dutela elkarrekiko errespetua. “Irainak eta pintaketak jasan eta gero eskutik joan? Hori ezinezkoa da”, ziurtatu du.
Hori guztia argituta, Egibarrek berretsi egin du Euskal Herriak bi erreferente politiko bakarrik izango dituela etorkizunean; bata, EAJrena eta bestea, ezker abertzalearena. Eta, ondorioz, hautesleek bi eredu hauen artean erabaki beharko dutela PSEk eta PPk gero eta indar gutxiago izango dutelako eta ez direlako alternatiba erreala izango. Pedro Sanchezei buruz galdetuta, erantzun du idazkari berriak izendatu arren alderdi konstituzionalistek ez dutela etorkizunik izango Euskal Herrian “ez dutelako berrikuntzarik bultzatzen, ekarpen berririk egiten eta beren alderdiek Madrildik diotenari jarraipena egiten diotelako”.
Horren aurrean, adierazi du EAJ buru belarri ari dela datorren urteko hauteskundeak prestatzen eta ixtear dituen hautagaien zerrendak uda ondoren ezagutaraziko dituela. “Jende berri asko izango dugu. Ilusioz eta itxaropentsu gaude. Prest gaude hauteskundeak irabazi eta gobernatzeko”, adierazi du.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15