Gure Legebiltzar Taldea
Xabier Barandiaran Irastorza
Xabier Barandiaran naiz eta 1969.ko Otsailaren 20an jaio nintzen Ataunen. Lehen hezkuntza Ataungo herri eskolan egin nuen. 1988an Gasteizko Arriaga Institutu Politeknikoan Elektronikako ikasketak amaitu nituen. Beasaingo Institutuan unibertsitatean sartzeko ikasturtea gainditu ondoren, 1989an Deustuko Unibertsitatean Zientzia Politikoak eta Soziologia ikasten hasi nintzen. 1994an amaitu nituen ikasketak eta zuzenean Soziologiako Doktoradutza egiten hasi nintzen Deustuko Unibertsitatean.
2000. urtean lortu nuen doktore gradua Deustuko Unibertsitatean “Erakunde Politikoen bidezkotza gaztetxoen baitan” izenburua zeraman doktoradutza tesiarekin eta Eusko Jaurlaritzako Euskal Gizartearen Egoera saria jaso zuen urte hartan.
Nire lan ibilbideari dagokionean bi ibilbide osagarri garatu ditut. Alde batetik ibilbide akademikoa: 1999an Deustuko Unibertsitatean hasi nintzen irakasle moduan. Urte guzti hauetan soziologia eta komunikazio publikoarekin zerikusia duten gaiak irakatsi ditut. Komunikazioko EITB-Deusto Masterreko zuzendaria izan nintzen eta baita Gizarte Berrikuntzako Unibertsitate Masterreko zuzendaria ere. Demokrazia, gizarte kapitala eta lankidetzako gobernantzaren inguruan hainbat liburu eta artikulu idatzi ditut nazioarteko aldizkari espezializatuetan. Gaur egun Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko irakasle titularra naiz eta Agirre Lehendakaria Centerreko ikerlari fellow-a. Bestaldetik ibilbide politikoa egin dut euskal erakundeetan eta alderdian: Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Saileko Kabineteko burua (2005-2007), Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren Kabineteko burua (2007-2011 eta 2015-2019), Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren aholkularia (2019-2023), GBBko burukidea (2012-15) eta gaur egun Euskadi Buru Batzarreko Berrikuntza Politikoko burukidea naiz.
Euskeraz, gazteleraz eta ingelesez egiten dut.
Niretzat “zerbitzu publikoak” kontzeptuak herrigintza esan nahi du; herrigintza, gizarteko edozein esparrutan edo herri erakundeetan egin liteke eta herri garapenerako onuragarriak diren ekarpenak eginez gauzatzen da. Euskal herrigintzan aritzeko arrazoi edo motibazio nagusia euskal aberriaren alde lan egitea da; Euskal Herriaren nazio izaeraren aitorpenaren alde lan egitea eta euskararen eta euskal komunitatearen bizi iraupena ziurtatzeko talde ahaleginean aritzea; Horretarako ezinbestekoa jotzen dut Euskadiko alderdi abertzaleen arteko oinarrizko adostasuna eta elkarlana.
Ilusioz eta gogoz heldu diot hautagaitzari. Legebiltzar Taldean egin dezakedan ekarpena nire ilusioa eta lan gaitasuna herri proiektuaren zerbitzura jartzea da. Bereziki gertu sentitzen ditudan alorrak dira hezkuntza, gobernantza eta euskal autogobernuaren erakundetze prozesuekin zerikusia duten gaiak.
Nire euskal abertzale izaera euskararen eta euskal kulturaren etorkizuna arriskuan ikustetik dator. Gaztetatik izan dut herrigintzarako joera; etxean, lagunartean eta herrian bizi izan ditudan giroak horretara eraman naute. Azken urteetan eginiko ibilbide akademiko eta politikoak interes hori indartu baino ez dute egin. Erreferente politiko ezberdinak izan ditut baina, euskal herrigintzari dagokionean, nagusienak Xabier Arzalluz eta Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria izan dira.
Aisialdia beharrezkoa eta gustukoa dut eta zoriontsuen egiten nauena etxekoekin mendira joatea da eta soziologia zein filosofia politikoko liburuak irakurtzea da (laneko irakurketatik kanpo egiten ditudanak). Gehien maite dudan txokoa Ataunen dago Lizarrustitik Igaratzarako bidea, Aralarren.
Maiz egiten dut irribarre, bereziki konfiantza giroan nagoenean.