Agiriak
Iritzi Artikulua
2015/01/08
Presoak
Gainean da beste manifestazio bat, Sare taldeak deituta, presoen hurbilketaren alde. Eusko Alderdi Jeltzaleak badu bere irizpidea euskal auzian giza eskubideen urraketengatik preso daudenen egoeraz eta aterabideaz eta horri buruzko gogoeta hauek adierazi nahi ditut, preso diren pertsonen giza eskubideak gogoan eta Euskadiren baketzea kontutan.
Orain urtebete, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, bere “posizioa finkatu” zuen Foro Sozialaren gomendioei erantzunez. Argitara eman zuen adierazpenean, presoen kolektiboak funtsean hiru baieztapen egin zituen: batetik, gatazkaren ondorioz eragindako alde anitzeko sufrimendua eta mina zinez aitortzen duela; bestetik, ETAk borroka armatua bertan behera utzi ondoren, iraganean erabilitako bide armatuari aurrera begira uko egitea berresten duela; eta hirugarrenik, ontzat eman dezakeela etxeratze-prozesua lege-baliabideak erabiliz gauzatzea, inplizituki zigorraren onarpena dakarren arren.
Agiri hori irakurrita, eta aurreko garaiak gogoratuta, esan behar dut ez duela nolanahiko iraulia egin presoen kolektiboak: “Amnistia osoa orain” eten gabeko garrasi hartatik oraingo “etxeratzea” delakora eta legea baliatzera, tarte eta alde handia dago. Eta, nire ustez, bide hori egiteko, ezker abertzaleak ez dauka Eusko Alderdi Jeltzalearen beharrik. Izan ere, ezker abertzalearen lana da azaltzea zergatik amaitu den bide armatua, zergatik orain eta ez lehen, eta zergaitik ezin den uztartu bide politikoarekin eta demokraziarekin. Nire iritziz, hori azaldu behar die, aurrena, beretarrei, ezker abertzaleak bere munduari, eta gero herri honi, Euskadiri: zergatik Euskadi Ta Askatasunak, ETAk, borroka armatua behin betiko amaitu behar izan duen, eta borroka armatuaren ondorioak zein izan diren.
Eusko Alderdi Jeltzaleak zera ikusten du: presoak estrategia armatuaren ondorio direla. Eta presoak, salbuespen legediaren pean daudela. Egoera horren aurrean, egokia iruditzen zait Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Zuzendaritzak hartutako bidea: Zuzen Bidean proposamena, espetxe politika aldatzeko; eta bestetik, Hitzeman programa, presoei birgizarteratzen laguntzeko legezko prozesuak jasotzen dituena.
Zenbait apunte egin nahi nuke hemen. Nire ikuspegitik, Euskadiren baketzeak dauzka bi alderdi edo dimentsio: adiskidetzea eta normalizazio politikoa, biak giza eskubideekin eta justiziarekin lotuak eta injustizia salatu eta baztertu behar dutenak. Behin baino gehiagotan, gurutzatu eta nahastu egin izan dira biak, bien kalterako. Adibidez, Lizarra-Garaziko aldia amaitu ondoren, PPk eta PSOEk, Aznar Moncloan eta Zapatero, alderdi sozialistako idazkari nagusi aukeratu berritan, “Pacto Antiterrorista” delako hura sinatu zuten (2.000.urteko abenduan). Eta Estatu-paktu horrek zera dio: “Espetxe politika talde terroristak pertsegitzeko estrategiaren barruko parte da eta, beraz, bi alderdien arteko eta Gobernuarekiko akordioaren esparruan kokatzen da. Gure ordenamendu juridikoaren barruan, ekintza terroristengatik kondenatutakoei ahalik eta zigor beteena eta gogorrena ziurtatuz gauzatu behar da espetxe legedia”. Bada, estrategia horrek ekarri zuen espetxe-politika are gehiago gogortzea, bereziki 2003.urtetik aurrera.
Eusko Alderdi Jeltzalea beti egon da, eta dago, presoak etxetik urruti, han eta haratago sakabanatuta edukitzearen aurka. Salbuespeneko espetxe-politikak eta zigor-politika mendekati horrek amaitu egin behar du eta espetxe politika arrunta, normalizatua jarri behar du Gobernu espainiarrak indarrean. Lehendabizi, transferitu espetxeen eskumena Jaurlaritzari eta, aldi berean, hurbildu presoak etxetik gertu dauden kartzeletara; preso gaixo eta urtetsuentzat, eman irtenbide humanitarioak eta Langraitz bidetik jo dutenei, erantzun instituzionala, argi eta garbi ziurtatu baitute jarrera autokritikoa eta aitortu biktimei egindako min bidegabea. Bestetik, tortura da ezin saihestuko gai delikatua: ikertu, aurrea hartu eta torturak egin zaizkien biktimei aitortu eta ordaina eman behar die Administrazioak, nazioarteko erakundeek eskatutako neurriak betez.
Hori guztia dago Jaurlaritzaren Zuzen Bidean agirian. Honek, Hitzeman programa osatzen du. Eta programa horren bitartez, nahi duen presoak, bere gogoz jo dezake Jaurlaritzara, birgizarteratzeko bide pertsonalizatua egiten hasteko. Erakunde, unibertsitate eta gizarteko eragileen laguntza izango du. Irtenbide zehatzak dira, presoa gizartearekin konprometitzeko eta gizartea presoarekin. Epea zabalik dago ekarpenak egiteko. Izan ere, guztiok daukagu obligazioa baketzearen bidea egiteko eta eskubidea, bakearen helmugara iristeko. Presoek, zer esanik ez.
Egoera honetan, ezker abertzaleak zer egiten du? Lelo bat entzuten dugu behin eta berriz: “Sakabanaketarik ez. Hurbilketa”. Nik uste dut, ezker abertzalea denbora administratzen ari dela, bere korapiloak askatu ezinda. Eta, bitarte horretan, presoentzako konponbidea atzeratzen ari da. Estrasburgo dauka begiz jota: han egingo dute justizia, Europako Giza Eskubideen Epaitegian, esaten dute. Baina hura urruti dago: urteak pasako dira Estrasburgok erabakitzerako. Eta bitartean, zer? Presoak kartzelan eta urtero manifestazioa?
Eusko Alderdi Jeltzaleak presoen giza eskubideak betetzea nahi du, birgizarteratzeko nahitaezkoa, presoen senideentzako oinarrizkoa eta euskal gizartea baketzeko garrantzitsua. Espero dut kartzelan daudenek gizarte barrura itzultzeko bidea egin ahal izatea, eragindako sufrimendu bidegabeaz jabetuta eta horrelako gehiagori ezetz esanda. Beharrezkoa iruditzen zait preso bakoitzaren askatasuna berrestea birgizarteratzea nola egin erabakitzeko orduan, eta Jaurlaritzak prestatutako bidetik joan nahi duenak, hala egin ahal izatea.
Joseba Egibar Artola
EAJko Legebiltzar Taldearen bozeramailea
Gure Egileak
-
Iñigo Urkullu
-
Joseba Egibar
-
Luis Javier Telleria