Gure Legebiltzar Taldea

rss Ezagutzera eman
Markel Aranburu Bartau

Markel Aranburu Bartau

Markel Aranburu Bartau naiz, 33 urte ditut eta Donostian hazi nintzen. Zuzenbide ekonomikoa ikasi nuen eta lanbidez teknikari juridikoa naiz Eusko Jaurlaritzan. Gipuzkoako Batzar Nagusietan batzarkide izan nintzen bi urtez eta azken sei hilabeteetan legebiltzarkide lanetan aritu naiz Eusko Legebiltzarrean.

Txikitatik izan ditut gustuko historia, politika eta kirola. Giro erdaldunean hazi nintzen arren, euskararekiko maitasuna eta ardura sentitu ditut beti. Abertzalea izatea ohorea da niretzat: inor baino gehiago, inor baino gutxiago. Euskadi nazio bat da eta, gure herriaren etorkizuna eta ongizatea bermatu ahal izateko, ezinbestekoa dugu euskal estatu propioa eraikitzea.

Familia da nire eskola humanista eta etxean jaso ditut maitasuna, exijentzia eta apaltasuna. Amak langile eta arduratsu izatearen garrantzia erakutsi dit. Aitak, errespetuz eztabaidatzen eta guztiekin zuzen jokatzen. Arreba gazteak, partekatzen. Lagunek, gainontzekoa.

Hautagaitzari ilusio handiz ekiten diot, asko dut ikasteko baina eguneroko lanaren bitartez nire ekarpena egiteko prest nago. Zuzenbide, ekonomia eta giza eskubide arloetan sentitzen naiz erosoen. Euskaraz, gazteleraz, frantsesez edota ingelesez, euskaldunok gure legedia eta ekimen politikoa datozen hamarkadetako iraultza teknologiko eta sozialerako prestatu behar dugu: klima-aldaketa, trantsizio energetikoa, migrazio-mugimenduak, erronka demografikoa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, euskal autogobernuaren garapena; ba al da hura baino erronka zoragarriagorik?

Herrigintzan dihardugunok ardura, baikortasuna eta lana zor diogu gure herriari. Ziurgabetasunen aurrean proiektu politiko zintzo eta ausarta: europazalea, humanista, demokrata eta abertzalea. Honaino ekarri gaituena eta XXI. mendeko erronkei aurre egiteko euskaldunok behar duguna.

Maite dut bidaiatzea, kirola egitea eta irakurtzea. Orain lau urte asteburuetarako erronka bat jarri nion nire buruari: Euskadiko udalerri guztiak bisitatzea. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa eginda ditut. Nafarroa zabala zeharkatzen ari naiz orain. Ondoren, Lapurdi eta Zuberoa. Hantxe ikusiko dugu elkar, Euskadiko edozein plazetan.