Gure Legebiltzar Taldea
Bakartxo Tejeria Otermin
Larraulen jaio nintzen eta bertara bueltatzen naiz beti. Villabonan bizi izan nintzen ezkondu eta Donostiara bizitzera etorri nintzen arte. Nire belaunaldiko pertsona gehienak bezala, nire haurtzaroa eta gaztaroa familiaren eta ikastolaren artean igaro ziren. Villabonako ikastolan ikasi nuen eta han egin nituen lehenengo lagunak. Gero, Tolosako institutura joan nintzen.
Sentimendu abertzalea oso errotuta dagoen familia bateko alaba naiz. Gogoratzen naizenetik, gure Herriarekiko eta gure hizkuntzarekiko, euskararekiko, maitasuna irakatsi didate familia giroan; bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duen eta munduan ahots propioa izan nahi duen milaka urteko herri bateko kide izatearen sentimendua; elkartasunarekiko, berdintasunarekiko eta justizia sozialarekiko konpromisoa. Eta gogoan dut oraindik Xabier Arzalluzek nola transmititzen zizkigun balio horiek guztiak bere mitinetan.
Giro eta inguruabar horretan hazita, politikarekiko dudan interesa eta PNVko kide izateko erabakia ondorio logikoak dira. Balio-eskala horretan kokatzen da, halaber, alderdiak proposatu zidanean Villabonako hautagaitzan parte hartzeko erantzukizuna onartu izatea. Politika ulertzeko irakatsi zidaten modua zen: zerbitzu publikorako bokazioa. Gure Herriko pertsonen beharrei eta nahiei erantzuteko aurkezten ginen, betiere PNV-ren sorrera arrazoia sortu zen Euskadi askea lortzeko helburuarekin.
Unibertsitateak mundu berri baterako atea ireki zidan. Zuzenbidea ikasi nuen Donostian. Han ezagutu nituen senarra eta lagunak, handik aurrera nire bizitzaren parte izan direnak. Euskaraz ikasi ahal izan zuen lehen belaunaldia izan ginen. Oso oroitzapen gozoak ditut garai hartaz, politika bizitzeko genuen ilusioaz eta itxaropenaz.
Karrera amaitzean, bake epailea izan nintzen, eta lankide gehiagorekin abokatu bufete batean parte hartu nuen Tolosan.
Villabonako zinegotzi hautatu ninduten 28 urterekin. Handik gutxira, Eusko Legebiltzarrerako zerrendan joatea proposatu zidaten. 2001eko maiatzaren 13ko hauteskundeetan izan zen, 33-32 emaitzako hauteskundeetan. Gogoan dut, oraindik ere, nolako emozioarekin bizi genuen kanpaina eta nolako poz-eztanda gertatu zen emaitzen ondoren. Eserlekua hartu nuenean amets bat bizitzen ari nintzela iruditzen zitzaidan. Ametsetan ere ezin imajina nezakeen Legebiltzarreko eztabaidak –batez ere, politika orokorrekoak– interes handiz jarraitzen nituenean telebistan, egunen batean hainbeste aldiz ikusitako eserlekuetan ni eseriko nintzenik.
2001ean etapa berri bat hasi zen niretzat. Oso urte biziak izan ziren, konpromiso handikoak eta oso emankorrak. Zorionekoa naiz lehen lerroan bizi izan ditudalako. Legegintzaldi horietan onartu ziren, besteak beste, Estatutu Politiko Berria, Berdintasun Legea edo Kontsulta Legea.
Legebiltzarkide nintzela, Villabonako alkate hautatu ninduten. Etapa zaila izan zen, baina oso aberasgarria. Ziur naiz udalak direla eskola politikorik onena. Harro sentitzen naiz, halaber, zortzi urtez Gipuzko Buru Batzarreko kide izan naizelako.
2012an, Eusko Legebiltzarreko presidente hautatu ninduten. Ohore eta erantzukizun handia da. Ohore hori eskertzen diot alderdiari. Eta erantzukizun hori ahalik eta konpromiso handienarekin garatzen saiatu naiz, Eusko Legebiltzarrean euskal subiranotasuna dagoela jakinda.
Arlo pertsonalari dagokionez, ezkonduta nago eta bi alaba, 18 eta 15 urtekoak eta 7 urteko bi seme ditut –gazteenak bikiak dira–. Familia girokoa naiz. Nire zaletasunei buruz galdetzen didatenean, beti esan ohi dut nire aisialdi unetan-eta ez da hau asko- gehien gustatzen zaidana familiarekin, lagunekin egotea dela. Irakurtzea ere gustatzen zait –thrillerrak eta misterioa, batez ere–, kirola egitea, telesailen bat ikustea eta, azkenaldi honetan, aire-frijigailuan egiteko errezetak aurkitzea.
Azken batean, bere herriarekin konprometituta dagoen 52 urteko emakume euskaldun bat naiz, Euskadiren eta hemen bizi garen pertsonen alde lanean jarraitu nahi duen emakumea. Ilusioz, indarrez eta ideiez beteta aurkezten naiz hauteskunde hauetara. Legebiltzarrean urteetako eskarmentua eta ikasten jarraitzeko gogoa dut.
Ziur nago PNV osatzen dugun emakume eta gizonok asko dugula eskaintzeko. Eta espero dut berriro ere herritarren konfiantza izatea, Euskadik aurrera egiten jarrai dezan. Gure onena emango dugu ekonomia bultzatzen, kalitatezko enplegua sortzen, zerbitzu publikoak indartzen, berdintasuna, kohesioa eta justizia soziala sendotzen, eta herri honek bere etorkizuna libreki eta demokratikoki erabaki dezan lan egiten jarraitzeko. Gure helburua: gizon-emakume libreen Euskadi askea.