Gure Legebiltzar Taldea

rss Ezagutzera eman
Lorea Bilbao Ibarra

Lorea Bilbao Ibarra

Lorea Bilbao Ibarra naiz, Bilbon jaioa 1968an, segituan gurasoek Dimako Oba auzora eraman ninduten. Hantxe jaso nuen euskara eta hantxe hasi nire izaera definitzen: auzo bizitzako partaide sentitzen eta jokatzen, mendia eta natura maitatzen, baserritarrez harro egoten, ordainetan ezer espero barik esku bat botatzen, belaunaldi arteko harremanak sendotzen…

Beharbada horregatik haxe da beti bueltatu gura dudan tokia. Beharbada, horrek eraman ninduen lehenbizi Magisteritzako gradua egitera eta gero Euskal Filologiakoa eta, baita ere, Antropologia Soziokulturalekoa. Beharbada, horregatik txikitatik izan dut herrigintzarako bokazioa, ingurura begiratu eta zer hobetu daitekeen ikusi, ingurukoek bizi dituzten arazoak gureak ere badirela onartu, elkarlanean jardun, elkarri entzun eta elkarrekin erabaki.

Etxean ikasi nuen gauzak ez direla berez etortzen, lan egin eta inplikatu beharra dagoela egoerak aldatzeko. Horrela, heldu nintzen hainbat arlotako bolondres izatera, horrela heldu nintzen, baita ere, politikara gertukoek nigan jarritako konfiantzak bultzatuta. Gertukoak dira, baita ere, nire erreferente politikoak; izen handi gabeko pertsona handiak: Dimako batzokian horrenbeste lan egin eta transmisio lana egin digutenak, aberrigintzan jardundakoak, euskarazko hezkuntza bultzatu zuten andereñoak, neure ama tarteko…

Azken zortzi urteetan Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatua izan naiz, eta lehenago Eusko Jaurlaritzan Euskararen Sustapenerako zuzendari eta kultura eta hizkuntza politika gaietarako aholkulari, baita Bizkaiko Batzar Nagusietako kide eta EAJren bozeramaile ere erakunde hartan. Orain bideak legebiltzarkidetarako hautagai izatera eraman nau. Gogotsu heltzen diot erronka honi, eztabaida politiko zintzoak eta eraginkorrak bideratzeko asmoz, politika balioan jarri eta azken urteotako desprestigioa baztertu eta gainditzeko. Prest nago taldeak egokien ikusten dituen arloetan lan egiteko; hori bai, gogokoenak euskara, kultura, kirola eta hezkuntza ditudala ezkutatu barik, alde batetik daukadan ezagutzagatik eta, bestetik, ekintza politikoan ardatz izan beharko liratekeela uste dudalako gizartearen izaera eta egiteko moduak definitzean duten eraginagatik.

Etenik bako trantsizio azkarrean bizi gara eta arazoei konponbideak bideratuz erreakzioz erantzuten diegu gehienbat, baina gure erronka nagusia da datorkigunari aurrea hartzea. Demografia aldaketak, trantsizio soziala, teknologiko digitala, energetikoa, klimatikoa, eta jakina, euskararen biziberritzean eta zabalkundean aurrera egiten jarraitzea ere erronka nagusia dugu gure hizkuntza aniztasunaren garapenean berdintasuna eta askatasuna gero eta errealago eta eraginkorrago izan daitezen… Horretarako guztirako herritarrak zein zerbitzuak prestatzea ezinbestekoa dugu, hezkuntza sistematik bertatik hurrengo belaunaldiak prestatzen hasi beharra dugu.

Maila pertsonalean, hainbat zaletasun ditut, zorionez: mendia, itsasoa, musika, zuzeneko ikuskizunak, irakurtzea, askotariko kirol ikuskizunak, egun pasak… eta zorionez diot, horrek gauza, egoera zein pertsona asko eta askotarikoekin gozatzeko aukera ematen didalako. Guztien artean, lagunartea eta bidaiatzea aukeratuko nituzke, batetik, batzuekin egiten ditudan tertuliek, eta bestetik, beste toki, kultura eta izaera batzuk ezagutzeak nire izaera sendotzen laguntzen didatelako eta, aldi berean, ikuspegi zabalagoa izaten ere bai.