Gure Legebiltzar Taldea
Irune Zuluaga Zamalloa
Diktaduraren ondoren Herria eraikitzen eta erakunde berriak sortzen ikusi genuen belaunaldikoa naiz (udalak, aldundiak edo Eusko Jaurlaritza), herri oso bat ezerezetik altxatzen ikusi baikenuen. Pribilegioa izan da gaur egun ezagutzen eta gozatzen dugun guztia errealitate bihurtu zuen gizarte haren parte izatea.
Gauza haiek guztiek erantzuna ematen zieten gure behar eta asmo pertsonal eta kolektiboei, bai eta herri gisa genituenei ere. Euskadi instituzionalizatzen ari zen garai hartako protagonista sentitu ginen, eta gutako askok orduan ulertu genuen zerbitzu publikoa izan zitekeela pertsonen, herrikideen eta, oro har, euskal gizartearen bizitza hobetzea ahalbidetuko zuen tresna, eraikuntza harekin bat egin genezan.
Euskadi da erakundeetan gure aurretik egon direnek egin duten lanaren ondorio, beraiek ezarri zituzten egun bizi dugun gizarte modernoaren oinarriak. Horregatik, beste behin ere Eusko Legebiltzarrerako hautagai izendatua izatea erantzukizun handia da niretzat, errespetu osoz onartzen dudana, kate luze eta sendo baten katebegi naizen aldetik. Duela aste batzuk amaitu den legealdiak ahalbidetu dit Legebiltzarreko lanaren hainbat alderdi ezagutzeko aukera, entzute aktiboa, elkarrizketa eta adosteko borondatea ezinbesteko izan baititugu lege eta proposamen nagusiak aurrera ateratzeko orduan.
Hurrengo agintaldirako dugun erronkarik nagusiena izango da, seguruenik, guztien artean konplikatuena: gizarte aldakor batek egunero esaten diguna entzutea eta ulertzea; beharrak eta interesak, guk pertsonen ongizaterako bidean jarri behar ditugunak, pertsona bakoitzak bere bizi proiektua garatu ahal izan dezan.
Irune Zuluaga Zamalloa naiz eta etxean irakatsi zizkidaten konpromisoa eta errespetua eta gure historia, kultura eta batez ere, euskara maitatzen. Ez zen gozoa izan 60. hamarkadako Sodupen denei eustea, baina erronkari heldu zioten gogor aitak eta amak. Arangurenen bizi naiz, Zallan. Bertan sortu nuen familia eta bertan bizi dut neure egunerokoa.
Errepresio gogorra jasan zuten aitaren eta amaren familiek, politikoki eta ekonomikoki. Espetxeratu egin zituzten abertzale zirelako. Beraz, politika eta ideologia jeltzalea eguneroko ogiarekin izan dugu etxean, gomuta bakoitzarekin, etxekoek kontatzen ziguten istorio bakoitzarekin. 16 urte nituela EAJ-PNVko alderdikide egin nintzen. Nire erreferente politikoak, beste hainbaten artean, nire nerabezaroan ezagutu nituen emakumeak: abertzaleak, konprometituak, ekintzaile nekaezinak… Beraiek dira Herri honen historia eta memoria.
Emakume langilea naiz, ekintzailea; bai eta irribarretsua ere baten batek gauzak ondo doazkiola esaten didanean. Benetan gozatzen dut etxekoekin eta lagun artean, bai eta liburu on batekin edo zineman ere. Eta, zer esango dizuet nire eskualdeaz, Enkarterriz. Udalerri bakoitza, txoko bakoitza… ezin naiz bakar batekin geratu. Natura garbia, gure betiko ohiturak, produkturik onenak, museoak… Ezin duzue galdu!!