Gure Legebiltzar Taldea
Jon Aiartza Zallo
Jon Aiartza Zallo naiz eta Derion jaio nintzen 1964an, baina bizitza erdia daramat Uribe Kostan; hasiera batean Barrikan eta ondoren Sopelan, naturak inguratutako inguru batean, gure kostako amildegi, hondartza eta itsasoa etxe ondoan ditudala. Zuzenbidean lizentziaduna naiz, ikasketak Deustuko unibertsitatean egin nituen; Bizkaiko abokatuen elkargoko kidea naiz eta enpresako letratu eta aholkulari.
25 urtetan hainbat enpresatan lan egin dut, bereziki aurreikuspen sozialeko sektorean, aseguruen eta EPSVen alorrean. Lanak Madrilera eraman ninduen sasoi batean, pentsioen erregimen publiko bat zuzentzera.
Aitak txikitatik irakatsi zidan Euskal Aberria dela gurea, euskal abertzaletasunaren idealismoa estimatzen. Eta, nire inguruan, praktikara eraman ahal diren ideiak direla ikasi nuen. Horregatik, ez da harritzekoa EAJ-PNVn oso gazterik alderdikidetu izana, 16 urte besterik ez nituela. Bereziki konprometituta sentitzen naiz Alderdi honekin; gure historia, ohiturak ezagutzearen garrantziarekin, sistema politiko propio batean jasota daudelarik: euskal foraltasuna. Hau da, mutikoa nintzenean ezagutzea ukatzen zigun guztiarekin. Udal esparruan barne erantzukizunak hartu ditut, eta 30 urte daramatzat alderdian prestakuntzarekin konprometituta. 2013tik EAJ-PNVko kargu publikoa naiz.
Enpresa pribatutik Eusko Legebiltzarrera igarotzea erronka eta aukera izan zen nire konpromiso osoa arlo profesionalean garatzeko, gure baloreak eta ideologia eguneroko zereginetan praktikan jartzen dituen taldeko kidea naiz. Orain, berriz ere ilusio handiarekin heltzen diot hautagaitza honi, erronka berriei aurre egiteko konpromiso berarekin eta Euskal Autogobernuaren aurrerabidean funtsezkoa den legegintzaldi batean parte hartzeko erantzukizunarekin.
Horretarako, nire lanbidean eman ditudan urte guztietako esperientzia legebiltzar-taldearen esku jarriko dut, talde-lanaren ikuspegi zorrotzarekin; eta, horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren jarduerak defendatuko ditut, aritmetika aldakorreko egoeran (X. legegintzaldia), gehiengo absoluturik gabeko koalizioan (XI. legegintzaldia), eta gehiengo osoa duen koalizioan (XII. legegintzaldia) landutako guztia baliatuz.
Harro nago azken urteotan gure ordenamendu juridikoaren eraldaketan parte hartu ahal izan dudalako: Hirugarren Sektore Sozialaren Legea, Kooperatiben Legea, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legea, Enpleguaren Legea... Lan-harremanei, negoziazio kolektiboari, pentsioen sistema publikoari eta osagarriei buruzko akordioak lortzeaz gain... Herriaren erronkei erantzunak ematen parte hartzen jarraituko dut, akordiorako bokazioa duen elkarrizketa oinarri harturik.