Next Euskadi

Gure Legebiltzarkideak

rss Ezagutzera eman
Mª Eugenia Arrizabalaga Olaizola

Mª Eugenia Arrizabalaga Olaizola

Ikusten denez, nirea politika da, herrigintza, egunerokotasunean eragitea, hobe beharrez beti ere eta hanka sartzeko arriskutik libre… inoiz ez. Nire asmo, ilusio eta itxaropena?: elkarrekin, behingoz gure artean konpontzen asmatuz, Euskadi pertsona librez osatutako Herri askea izatera eramango dugula.

Gurean hiru belaunaldi bizi izan ginen, gerra aurretik baserria utzi eta Zumaiako kalera bizitzera joan ziren aiton-amonekin. Dagoeneko geratzen ez diren euskal elebakar haietakoak ziren. Iruditzen zait haien mundua ikusteko erak eta umetan entzun nizkien kontakizunak eragin handia izan dutela nigan. Baita ostiralero sukaldeko harraskan beratzen jartzen ziren aita Inazio eta osaba Erramunen “traje-buzoen” taladrina usainak ere. Eta, nola ez, gure ama zenaren ahaleginak, etxeko tropa osoak ematen genizkion lanak ez ezik, egunero-egunero ume-jantzi denda txiki baten –oraindik ere ahizpak zabalik duena– ardura eramanez. Hau guztia aipatzen det hain aldakorra, post-modernoa, likidoa eta, gehiegitan, kexatia den mundo honetan egokia iruditzen zaidalako ez ahanztea nondik gatozen.

Mundua asko aldatu da eta, munduarekin batera, geu ere bai. Ezinbestean! Orain, herrigintzak libre utzitako uneak, irakurtzeko, gizonarekin mendi buelta bat edo beste emateko eta Euskal Herriko bazterrak ezagutzeko aprobetxatzen ditut. Izan ere, horixe da gehien atsegin dudana: natura, paisaia eta txorien kantua. Baita, Zumaiako kaleetan lagun-artean buelta bat ematea. Baina, egia da, euskal politikaren gorabeheren jarraipenak denbora eramaten duela. Eta baita mundu zabaleko egoerak ere. Maila askotariko erronka ikaragarriak ditugu: aldaketa klimatikoa, ekonomiaren ziurgabetasunak, etorkinen eta errefuxiatuen egoera tamalgarria… Eta azken honetan, koronabirusaren ondorioak. Guztien aurrean formula bakarra okurritzen zait: Herri modura denok bat hartuz aurrera egitea, zentzuz eta arduratsu, geureak ditugun baloreak, erantzukizuna, ardura, solidaritatea, giza eskubideak eta giza-duintasuna gure jardueraren iparrorratza beti eskuan.

Next Euskadi
Eusko Legebiltzarrerako 2020ko hauteskundeetarako EGITASMOA