Next Euskadi

Gure Legebiltzarkideak

rss Ezagutzera eman
Irune Zuluaga Zamalloa

Irune Zuluaga Zamalloa

Aitaren eta amaren familiek errepresalia politiko eta ekonomiko latzak pairatu zituzten. Hainbat senide espetxera sartu zituzten abertzaleak zirelako. Ideologia jeltzalea eta politika oso hurbiletik bizi izan ditut beti, neure eguneroko bizimoduan, aitak eta amak kontatzen zizkiguten istorio eta kontakizunetan. 16 urte nituela EAJ-PNVko alderdikide egitea erabaki nuen eta nire ideal politikoek planteatzen zizkidaten konpromisoak onartu nituen. Ordutik aurrera, hainbat erantzukizun hartu ditut Sodupeko Uri Buru Batzarrean eta Bizkai Buru Batzarreko burukide gisa (1996-2000).

Psikologian lizentziatu nintzen Deustuko Unibertsitatean eta hainbat lan eta erantzukizun izan ondoren, 1999an Sabino Arana Fundazioko zuzendari izendatu ninduten. 20 urte hauetan hiru presidente bikain izan ditugu Fundazioan (Juan Mari Atutxa, Andoni Olabarri eta Anton Aurre), baina Juan Mari Atutxarekin soinez soin lan eginez eman ditudan azken 15 urteak izan dira nire ibilbide profesionalean bizi izan ditudan bizienak. Asko ikasi dut, hori esan dezaket, berarengandik eta Fundazioaren familia zabala osatzen duten guztiengandik.

Euskadi gaur egun dagoen mailara heldu da erakundeetan gure aurretik egon direnek egin duten lanari esker, beraiek ezarri baitituzte gaurko gizarte modernoaren oinarriak. Horregatik, Eusko Legebiltzarrerako hautagaitza onartu dut erantzukizun handiz, errespetu osoz eta behar den mailan lan egiteko konpromiso irmoarekin. Hitzeman dezakedana da Iñigo Urkulluren lantaldearen zerbitzura jarriko ditudala nire eskarmentua eta nire jakinduria. Bi legealdi hauetan ondo baino hobeto erakutsi du bera dela herri honek izan dezakeen Lehendakaririk onena.

Irakurketa eta zinema dira nire bi zaletasunak. Baina nire lehentasunik handiena familia da, eta beraiei eskaintzen diet erantzukizunek uzten didaten denbora guztia. Ezkonduta nago eta 19 urteko alaba daukat, harro egoteko arrazoi handiak ematen dizkidana; gehiago da berarengandik ikasten dudana nik berari irakatsi ahal diodana baino.

Next Euskadi
Eusko Legebiltzarrerako 2020ko hauteskundeetarako EGITASMOA