Next Euskadi

Gure Legebiltzarkideak

rss Ezagutzera eman
Josu Iñaki Erkoreka Gervasio

Josu Iñaki Erkoreka Gervasio

Jaurlaritzaren bozeramaile gisa planteatzen zaizkidan egoera guztiei aurre egin beharraz gain (barru barruan eta harrotasun handiarekin daramadan Jaurlaritza). Autogobernua defendatzeaz arduratzen naiz, Gernikako Estatutuaren betepenaz eta bide honetatik lor ditzakegun bizikidetza eta akordio formula berriak arakatzeaz. Honezkero, jakingo duzu zer ikasi nuen. Bai, jurista naiz.

Bermeon jaio nintzen 1960ean. Pilar eta Juan gurasoen etxean jaio nintzen. Gogoratzen dudanaren arabera, beti egon dira lanean, biak. Aita taxi gidaria zen, gidari eta mekanikoz josita zegoen familiako kidea zen; eta amak dendatxo bat zuen Juan de Nardiz kalean, ultramarino txiki bat, beti jendez gainezka egon ohi zena. Neure bi anaiek eta nik neuk behar zen guztietan laguntzen genuen. Larunbatetan, esaterako, Bermeoko alde zaharrean oraindik ere igogailurik ez duten eraikinetako goiko pisuetako bezeroei eramaten nizkien erosketak. Seguruenik, hortik etorriko zait mendira igotzeko dudan zaletasuna. Goiz bat libre dudanean, Bizkaiko gailurren batean aurkituko nauzu. Deiadar mendiak maite ditut eta oso bereziki Gaztelugatxeko Donienera doazen eskailerak igotzea.

Bide beretik jarraitzen baduzu, Bakiora iritsiko zara. Ezin dut zehazki esan zenbatetan eta zenbat garraio desberdinetan egin ditudan Bermeo eta Bakio artean dauden hamabi kilometro horiek. Lagunekin, familiarekin, hondartzara, jaietara, oinez, txirringaz, autoan... batez ere udan. Eta horrenbeste joan eta etorrirekin, bada... Igone deitzen da eta 1988an ezkondu ginen. Ez ginen ezkondu biek ikasketak amaitu genituen arte. Nik Zuzenbidea egin nuen Deustuko Unibertsitatean. Garai hartan Bermeo urrun geratzen zen Bilbotik eguneroko joan etorrietan ibiltzeko. Beraz, pisukideekin bizi nintzen Somera eta Erronda kale arteko etxe batean, Bilboko Zazpi Kaleetan. Gaur, orduan bezala, Bilbon bizi naiz eta orduan bezalaxe, astea amaituta Bermeora itzuli ohi naiz, etxera, gure etxera…

Deustuko Unibertsitatean lizentziatu ondoren, Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoetan sartu nintzen. Gero doktoretza iritsi zen, Euskal Herriko Unibertsitatean egin nuen, 1990an. Jokin hurrengo urtean jaio zen, 1991n. Alex apur bat geroago, 1994an. Orain biak dira ni baino garaiagoak, beren kontura bizi dira baina etxera itzultzen dira astebururo, ni neu gurasoen etxera itzultzen naizen bezalaxe. Hirurok bi pasio partekatzen ditugu: mendia eta liburuak. Irakurle amorratua naiz . Liburu berri bat erosten dudan bakoitzean ezkutuka eramaten dut etxera. Igoneri hitzeman nion azkenaurrekoa azkena izango zela garbiketa egin arte. Baina ni ez naiz liburuak botatzen dituen horietakoa, etxean gehiago sartzeko tokirik egon ez arren.

1995ean HAEEko Zuzendari izendatu ninduten eta karguan 2000 urtera arte egon nintzen, orduan aukeratu ninduten Bizkaiko diputatu Kongresuan. Idazten ari naizela zorabioa etortzen zait pentsatzean. 12 urte eta bederatzi hilabete eman nituen astebururo Madrilera bidaiatzen, Euskadiko ahotsa, astero, Gorte Nagusietara eramateko. 2012ko abenduaren 17an, Iñigo Urkulluk Administrazio Publiko eta Justizia sailburu eta bere Gobernuaren bozeramaile izendatu ninduen. Hunkigarria izan zen eta,aldi berean, oso latza ere bai, Eusko Jaurlaritzarik txikiena osatu behar izan genuelako, txikiena tamainan eta gastuan. Urte latz horietan, lan handia eginez, esfortzu eta ahalegin handiarekin, Euskadi krisi egoeratik ateratzea lortu genuen eta suspertze ekonomikoa eta enpleguaren sorrera bideratzeko prestatu genuen.

2016an bigarren erronka etorri zitzaigun: bigarren legealdiari ekitea. Legealdi honetan, historian lehen aldiz, Gernikako Estatutuan bete gabe geratzen diren transferentzien kronograma adostea lortu dugu, ukiezin ematen zutenak barne: espetxeak eta Gizarte Segurantzarekin zerikusia duten gai guztiak. Bigarren legealdian ere, langabezia %10etik jaistea lortu dugu. Duela lau urte Iñigo Urkulluk hitzeman zuen hala izango zela eta ondo baino hobeto ezagutzen duzue. Esan eta egin, Lehendakariak bere hitza betetzen du beti. Horregatik eta beste hainbat arrazoirengatik, niri galdetzen badidazu, argi baino argiago erantzungo dizut Herri honek Iñigo Urkullu behar duela Lehendakari.

Next Euskadi
Eusko Legebiltzarrerako 2020ko hauteskundeetarako EGITASMOA