Next Euskadi
Posta Bidezko Botoa

Gure Legebiltzarkideak

rss Ezagutzera eman
Jone Berriozabal

Jone Berriozabal

Berriozabal Bóveda abizenek erakusten dute sustraiak Araban eta Bizkaian ditudala. Jone dut izena eta 34 urte bete berri ditut. Abertzalea naizen aldetik,  Euskadi dut helburu, eta asmo horrekin ekin behar diogula uste dut. Herrialde bakoitzaren berezitasunei erreparatuta eta bakoitzaren ezaugarriak errespetatuta, bai, baina Herri osoa gogoan.

Zuzenbidean lizentziatu nintzen eta Zuzenbide Politikoan espezializatu nintzen. Azken urte hauetan ikasitako teoria hura praktikan jartzeko eta euskal erakundeak barrutik ezagutzeko ohorea eta aukera izan dut Arabako legebiltzarkide bihurtu nintzenez geroztik.

Erakundeetako bizimoduak zailtasunak eta momentu gozo-gaziak ditu,baina hori dena lepoan daramagu hezkuntzan, osasunean, gizarte politiketan, berdintasunean eta abarretan hartzen diren erabakiak eta abian jartzen diren egitasmoak herritarren onerako egiten direla ulertzen dugulako. Hori da gure iparorratza.

Politikarekiko interesa ez zitzaidan une zehatz batean piztu, beti izan dudan zerbait izan da. Intentsitate handiz bizi izan dut txikitatik etxean eta azken 12 urteotan orain nire senarra denarekin.

Euskara eta gaztelania oso presente izan ditut beti etxean, senideekin, gizartean eta eskolan, baina euskarak beste balio bat dauka, bihotzean eramateaz gain, funtsezko dut eguneroko jardunean lan egiteko eta komunikatzeko. Betidanik izan dut euskaraz hobeto eta arinago pentsatzen dudalako sentsazioa.

Maite ditut neguko egun eguzkitsuak, kafe batekin, berdin dio makinakoa edo tabernakoa bada, jendearekin solasean aritzea, jende naturala, irribarre egiten duena, paperezko liburuak irakurtzea, eskuz idaztea, bilera eraginkorrak eta kontzentratzeko behar handia dudanean, piano musika entzutea.

Gauza guztiei kontu handiz begiratzen diet, jakin-min handia daukat eta  xeheki aritzen diren horietakoa naiz. Ondo egindako gauzak eta egitasmoak pertsona konpromisodunekin partekatzea dut gustuko, pertsona langileekin eta beren onena ematen dutenekin. Whatsapp-en ere "Onena emateko garaia da!" esaldiak gidatzen nau. Hori da ni eskaintzera natorrena: ilusioa, konpromisoa eta etengabeko lana Herria egunez egun eraikitzen jarraitzeko. Herritar guztiak gero eta hobeto bizi daitezen eta beren herriaz harro senti daitezen.

Next Euskadi
Alderdi Eguna 2018
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA