Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2022/07/16

EAJ-PNVk ikurrina aldarrikatzen du “batasun, elkarbizitza eta errespetuaren” sinbolo gisa

Euskal bandera nazionala lehen aldiz jaso zen egunaren 128. urteurrenean, Leixuri Arrizabalagak baieztatu du talde jeltzaleak lanean jarraituko duela Euskadiren eraikuntzan “arduraz, ilusioarekin eta konpromisoarekin”, bai eta “herritarren borondatean oinarrituta eta inposaketarik gabe”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVk gaur ospatu du “batasun, elkarbizitza eta errespetuaren” sinbolo jotzen duen Ikurrinaren 128. urteurrena. Hala baieztatu du Leixuri Arrizabalagak, Bizkai Buru Batzarraren burukide eta Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkide jeltzaleak, ohi bezala euskal bandera nazionala Bilbo Zaharrako batzokian jaso ondoren egin den ekitaldi politikoan. EAJ-PNVk orain arte egin duen bide beretik jarraituz “Alderdi honetako emakume eta gizonok herrigintza lanarekin jarraituko dugu arduraz, ilusioarekin eta konpromisoarekin”, beti “errespetuan oinarrituta eta inposaketarik gabe”.

Pandemiaren ondorioz ezarri behar izan ziren murrizketen ondoren eta azken bi urteotan ospakizuna egiterik egon ez delarik, Uri Erakundeak berriro heldu dio Bilboko Zazpi Kaleetako egoitzan urtero egin izan duen jai tradizionalari. Jai giroan, Arrizabalagak gogora ekarri du Posta kalean jaso zela lehen aldiz, ‘Euzkeldun Batzokija’ izeneko lehen egoitza jeltzale hartan, Sabino eta Luis Arana Goiri anaiek diseinatu zuten euskal bandera, eta Ciriaco Iturrik egin zuela, egoitza hartako kiderik beteranoenak. “Euzkeldun Batzokija’ izan zen EAJ-PNVren lehen hazia. Hasierako ikurrina hura izan zen gure abertzaletasunaren sorburua. 128 urte geroago, hemen jarraitzen du EAJk; hemen jarraitzen dugu EAJko emakume eta gizonok”, baieztatu du.

Burukidearen hitzetan ikurrinak denboran iraun du eta gero eta toki handiagoa eta garrantzitsuagoa hartu du “herri honen bihotzean”. Zalantzarik gabe “martxan dagoen herriaren sinboloa da, eraikuntza bidean dagoen herriarena. Lan hori ardura, ilusio eta konpromisoarekin onartzen dugu EAJko emakume eta gizonok. Egunez egun; presarik gabe baina gelditu gabe”. Eta, jakina, “errespetuan oinarrituta, inposaketarik gabe. Herri bat ez delako eraikitzen masta batean bandera bat edo beste jartzearekin: herri bat eraikitzen da herritarren borondatean oinarrituta”, gogoratu du. Horretarako lortu behar da “gure erakundeekin identifikatuta eta ordezkatuta sentituko den gizataldea. Kontzientzian eta borondatean aurrera egingo duen proiektuarekin; gure egitasmora gero eta herritar gehiago erakarriz. Erkidegoa eraikiz. Euskal herritar berriak geureganatuz, kolore hauek bere egingo dituztenak”, esan du.

Zazpi kaleetako egoitzan ikurrina jaso dute gaur Leixuri Arrizabalagak eta Ane Támarak Bilbo Zaharra erakundeko EGIkideak, bertan batu diren alderdikide eta alderdizaleek ‘Euzko abendaren ereserkia’ abesten zuten bitartean. Ekitaldira joandakoen artean zeuden Jon Andoni Atutxa eta Miren Araneta BBBren burukideak; Amaia Arregi, Bilboko Udalean EAJ-PNVren Udal Taldeko zinegotzia; Iñigo Iturrate legebiltzarkide jeltzalea; Xabier Legarreta, Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria, eta hainbat Uri Erakundetako alderdikide eta alderdizale ugari.

125 urteko historia

Sabino eta Luis Arana Goirik Ikurrina sortu zuten 1894ko uztailaren 14a baino egun batzuk lehenago. Egun hartan, 18:00etan, lehen aldiz igo zuten `Euzkeldun Batzokijan´ Posta kaleko egoitzaren inaugurazio ekitaldian. Lehen ikurrina artilezkoa zen eta `Euzkeldun Batzokija´ elkarteko kiderik beteranoenak igo zuen, Ciriaco Iturrik. Hurrengo urtean, irailaren 12an, Espainiako agintariek inkautatu zuten jeltzaleen egoitza ixtean.

1936ko urriaren 19an lehen `Euzko Jaurlaritzak´ Ikurrinaren ofizialtasuna erabaki zuen eta Euzkadiko banderatzat aldarrikatu zuen. Guda Zibilean, II. Errepublikaren kontra altxatu zirenek euskal lurraldearen kontrola bereganatu ahala, bidean aurkitu zituzten ikurrina guztiak desagerrarazi zituzten. Faxistek garaipena lortu zutenean Ikurrina debekatua izan zen eta euskal bandera bat eramaten, ezkutatzen edo marrazten harrapatu zituzten guztiek jipoiak, espetxe zigorrak edo isunak jaso zituzten.

Francoren heriotzaren ondoren, Ikurrinak beste urte bi itxaron behar izan zituen legalizatua izateko, hainbatek soinean zeramaten arren eta hainbat ekitalditan erakusten zen arren. 1977ko urtarrilaren 19an ofizialki eta legez altxatu zen lehen aldiz II. Errepublikaren amaieratik. Konstituzioko plazan egin zen, Donostiako udaletxe zaharrean. Gaur egun Ikurrina komunitate oso baten sinboloa da, elkarbizitzaren eta errespetuaren ikurra.